AURKEZPENA

Montserrat Auzmendi del Solar

Erredakzio zuzendaria


LEGAL-Legebiltzarreko Aldizkaria gure Ganberako Azterlanen Zuzendaritzaren baitako hausnarketa batetik sortu zen, ondorioztatu baitzen beharrezkoa zela aldizkako argitalpen digital bat egitea, kalitate gorenekoa eta zehaztasun zientifikoduna, haren bitartez zerbitzatu asmo den gizartearekiko lotura bat sortuz.

Argitalpen horren helburua da zuzenbide parlamentarioaren arloko edo batzar legegileentzat interesgarriak diren edozein ikuspuntu juridikotako lan originalak zabaltzea, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan –euskara eta gaztelania, alegia– eta, orobat, ohiko elkartruke zientifikoko beste hizkuntzetan. Bestalde, sarbide askeko aldizkaria da, doakoa, inolako oztoporik gabe gizartera heldu asmo duena. Baina, hasiera-hasieratik argi izan genuen ez zuela izan behar beste aldizkarien modukoa. Asmo handiagoko helburuak dauzkagu: alde batetik, mundu akademikoarekiko lotura egonkor bat sortzea, haren kideek Eusko Legebiltzarraren ekimen honetan erreferentziako argitalpen bat aurki dezaten beren lanak zabaltzeko; bestetik, eztabaida parlamentarioa bera aberasteko baliagarri izan daitezkeen analisi eta hausnarketa eragitea, gure asmoa baita LEGAL aldizkariaren edukiek bizitza parlamentarioaren kalitatea eta sakontasuna handitzea.

Esan dezakegu, neurri batean, helburu horiek betetzen ari direla lehen ale honetatik bertatik, izan ere, aldizkariaren erredakzio-kontseiluko eta aholku-kontseiluko jurista nabarmenen lankidetza baldintzarik gabekoa eta irmoa izan da. Halaber, lehen zenbaki hau osatzen duten lanen egileek ez zuten zalantza-izpirik izan aldizkariarekin lankidetzan aritzeko gonbidapena onartzean.

LEGAL aldizkariaren lehen alea nolabait kalifikatu beharko bagenu, esango genuke funtsezko gaiez betetako zenbakia dela. Izan ere, aztergai ditu, esate baterako, azken urteetako bizitza parlamentarioaren bilakaera Manuel Albaren eskutik; Europako eremuan giza eskubideen babesaren defentsa Joxerramon Bengoetxearen arabera; eskubideen egoera pandemia-garaian Marc Carrilloren ikuspegitik edo federalismoaren ikuspegi parlamentarioa Esther Seijasen hitzetan. Gaurkotasun handiko gaiak dira, beren egileen ikuspegi pertsonala jaso dutenak.

Aipatutako azterlanez gain, aldizkariak antzeko argitalpenetan ohikoak diren atalak ere badauzka, esaterako, jurisprudentzia-iruzkinak edo erreseina bibliografikoak, bai eta antzeko aldizkarietatik bereizten gaituztenak ere, hots, agiri parlamentarioak eta txosten juridikoak. Horietako lehenengoan, gure ondare parlamentarioa osatzen duten agiriak eskaintzen ditugu, gure ustez, herritarrek eskura izateko modukoak direnak. Oraingo honetan, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren 2002. urteko agerraldi interesgarri bat sartu dugu, hark atsegin handiz idatzitako sarrera duena. Txosten juridikoen atalean, gure Ganberaren edo beste batzar legegileen txostenak sartuko ditugu, beren garrantziagatik interes berezia dutenak. Lehen zenbakian aurkituko dituzue Alberto Figueroa Eusko Legebiltzarreko legelari nagusi ohiak bere garaian egindako txosten bat eta Joan Ridaok, Kataluniako Parlamentuko egungo legelari nagusiak, egindako beste bat, biak ala biak beren egileek egindako hitzaurreak dituztela.

Aurkezpen hau amaituko dut argitalpen honek argia ikustea ahalbidetu duten guztiei eskerrak emanez. Lehenik, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, egitasmo hau gauzatzeko erraztasun guztiak eman dizkigulako. Eskerrak eman nahi dizkiot, halaber, erredakzio-kontseiluari egindako lanagatik, bere aholku burutsuengatik eta izandako pazientziagatik; bai eta aholku-batzordeari ere, eta bereziki artikuluak berrikusi dituzten aholku-batzordeko kideei. Azkenik, Legebiltzarreko lantalde teknikoari, gogo biziz eta arduraz aritu baita lanean, bizi dugun pandemia-egoerak berekin ekarri dituen zailtasunak gorabehera; izan ere, benetan, orduak eta arima jarri dituzte egitasmo honetan. Bestalde, Ganberako itzultzaile- eta zuzentzaile-taldea ere biziki aritu da elkarlanean azken emaitza kalitaterik handienekoa izan dadin.

LEGAL aldizkaria posible egin duten pertsona guztien izenean, espero dut haren edukiak erabilgarriak izango direla bertan aztertzen diren gaietan interesa duten pertsonentzat. Gehitu nahiko nuke, halaber, eskertu egingo genukeela irakurleak animatuko balira aldizkaria irakurtzera ez ezik, baita ere gure aldizkariarekin sustatu nahi dugun eztabaidarako ekarpen zientifikoak guri bidaltzera.

PRESENTACIÓN
AURKEZPENA

PRESENTACIÓN
AURKEZPENA

PRESENTACIÓN
AURKEZPENA

PRESENTACIÓN
AURKEZPENA