Montserrat Auzmendi del Solar
Erredakzio zuzendaria
Ia urtebete igaro da LEGAL – Legebiltzarreko Aldizkaria sortu zenetik, eta poz handiz aurkezten dizuegu argitalpen honen bigarren zenbakia.
Urte zaila izan da guztiontzat, ziurgabetasunez betea, baina hausnarketa eta ikerketa ez dira falta izan, eta horien ondorioz zure interesekoak izatea espero ditugun edukiak eskaintzen ditugu.
Lehenengo zenbakian “muineko gaiak” protagonistak izan baziren, bigarren ale hau “ikuspegi pertsonalek” markatzen dutela uste dugu. Iazko aurkezpenean aurreratu genuenez, gure aldizkariarekin eztabaida piztea zen gure asmoetako bat. Pentsamendu-askatasuna, mugarik gabe, eta ikuspuntu ezberdinak eskaintzea dira gure printzipio inspiratzaileetako batzuk.
Independentzia judiziala, Perfecto Andrés Ibáñezek ale honetan jorratua, edo hauteskunde autonomikoen gorabeherak pandemia garaian, Alberto López Basagurenek aztertutako gaia, hainbat prismatatik ikus daitezkeen gaiak dira. Gure autoreen ikuspegiek ez zaituzte axolagabe utziko. Bestalde, Julia Sevilla Merinok bere ikuspuntu berezitik aztertzen du emakumeek politikan duten parte-hartzearen bilakaera.
Ekarpen pedagogikoak ere baditugu, hala nola Europar Batasuneko sistema legegilearen azterketa, Asier García Lupiolaren eskutik.
Eta gure aldizkarian ezinbestekoa da arreta berezia jartzea oinarrizko eskubideen azterketan. Nieves Arrese Iriondok atzerritarren askatasunerako eskubidearen gaian sakontzen du.
Lan bikain hauez gain, Francisco Rubio Llorente irakaslearen omenezko dokumentu bat dugu –Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldietako bat–, Francisco Caamaño Domínguezek aurkeztua, baita Eduardo Mancisidor Artarazek bere garaian egindako eta egileak berak aurkeztutako txosten juridiko bat ere.
Jurisprudentziako iruzkinen atalean, Ana Aba Catoirak eta Xosé Antón Sarmiento Méndezek iazko bi adierazpen garrantzitsuri buruzko begirada pertsonala eskaintzen digute.
Bigarren zenbaki hau Olga Herráiz Serranok eta Miquel Palomares Amatek egindako bi aipamen bibliografikok osatzen dute.
Amaitzeko, eskerrak ematen dizkiet modu batera edo bestera entrega berri hau argitara ateratzen lagundu duten pertsona guztiei, eta espero dut eskaintzen dizuegun edukia zuen gustukoa eta erabilgarria izango dela. Gure helburua da.