Montserrat Auzmendi del Solar
Erredakzio zuzendaria
Atsegin handiz aurkezten dugu LEGAL – Legebiltzarreko Aldizkariaren hirugarren zenbakia, ilusio handiz egina eta irakurle guztientzat interes handikoak izatea espero dugun edukiz betea.
Gure argitalpenaren emanaldi bakoitza nolabait etiketatzea gustatzen zait. Iaz esan nuen lehen zenbakia Zuzenbide parlamentarioaren gai nagusiei buruzkoa izan zela, eta bigarrena, berriz, egileek landutako gaiei ematen zizkieten ikuspegi pertsonalek markatu zutela. Oraingo honetan, esan genezake zenbaki hau egin dugula bizi izan dugun errealitateari lotuta, egungo gaiez beteta, baina horiek sortzen dituen gertaera puntuala gainditzen duten gogoetekin.
Ezin bestela izan, bizi izandako pandemia-egoerak eta horren ondorioz sortutako araudiak inspiratu dituzte aurkezten diren lanetako batzuk. Begoña Pérez de Eulatek eta José Andrés Blascok alde batetik, eta Alberto Oehlingek, bestetik, larrialdi-eskubideaz, salbuespen-araudi eta anticovid-az hitz egiten digute, baina hori bai, ikuspegi desberdin eta aberasgarrietatik.
Bestalde, bortxaezintasunaren kontzeptua bere prisma guztietatik begiratuta agertzen da zenbaki honetan. Erregearen bortxaezintasuna, Jon Fernández Iriondok hausnartzen duena, ganberen bortxaezintasuna –oso gutxi idazten da gai honi buruz–, Luis González del Campok jorratutako gaia, eta bortxaezintasun parlamentarioa, José Ignacio Navarrok aztertzen duena Konstituzio Auzitegiaren 184/2021 epaia komentatzen duenean, kontzeptu horren hiru alde dira, egileek zorrotz eta egoki aztertuta.
Beti bezala, giza eskubideei buruzko lan bat dugu. Oraingo honetan, Iñigo Lamarcak Nazio Batuen giza eskubideen sistemaren azterketa bat eskaintzen digu, bere argi eta itzalekin.
Zuzenbide parlamentarioko gai garrantzitsuak jorratzen dira ale honetan. Konstituzio Auzitegiaren 56/2022, boto parlamentarioari buruzko epaiaren iruzkina aurkezten digu Carlos Ortegak. Bestalde, Diputazio Iraunkorraren eskumenei buruzko txosten juridiko bat irakurtzeko aukera izango duzue. Txosten hori Andoni Iturbek egin zuen bere garaian, eta berea da hitzaurrea.
Baina gai interesgarri gehiago ditugu. Estatu Batuetako hauteskunde-funtzionamendu berezia María Corres-Illerak aztertzen du, eta gure Estatu autonomikoaren azterketa, berriz, José Tudela Arandak.
Eta Dokumentuen atalean, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoei buruzko Batzorde Bereziari buruzkoa, Antonio Riveraren sarrerarekin, argitalpenaren hirugarren ale honetan sartu duguna, beste garai batzuetara garamatza eta beharrezko gogoetak sortuko dizkigu.
Beti bezala, mila esker hirugarren zenbaki honekin gure aldizkaria sendotzea posible egin duten pertsona guztiei. Egileei, Eusko Legebiltzarrean atsedenik gabe lan egiten duen taldeari, Erredakzio Kontseiluari eta lanen berrikusleei, beren aholku egokiekin argitalpenaren kalitateari laguntzen baitiote.