4. ZENBAKIAREN AURKEZPENA

Montserrat Auzmendi del Solar

Erredakzio zuzendaria

Atsegin handiz aurkezten dugu LEGAL - Legebiltzarreko Aldizkaria laugarren zenbakia. Eta atsegin eta harrotasun hori hainbat arrazoirengatik.

Lehenik eta behin, 2020an, COVIDeko pandemiaren une gorenean, ziurgabetasun-garaian gauzatu beharreko erronka gisa jorratu genuena erreferentziazko argitalpen gisa finkatu delako. Izan ere, argitalpen zientifikoen eragina neurtzen duen Dialnet Métricasen arabera, LEGAL laugarren postuan dago Estatu osoko Zuzenbide konstituzionaleko aldizkarien artean, eta lehen postuan Zuzenbide parlamentarioko aldizkarien artean. Lorpen handia da hiru urtetan.

Bigarrenik, ale berri honetan aurkezten ditugun gaiak, gure ikuspuntutik, interes eta gaurkotasun handikoak direlako.

Piedad García-Escudero adituak aztertzen du Parlamentuko boto telematikoaren gaia, pandemia garaian hain garrantzitsua izan zena. COVIDaren gaiari lotuta dago, halaber, Beñat Maizek Konstituzio Auzitegiaren 70/2022 epaiari buruz eskaintzen digun iruzkina.

Era berean, orain arte gutxi aztertu diren gaiei buruzko analisiak dituzue eskuetan, hala nola naturaren nortasun juridikoari buruzkoa, Andrea García de Enterríak egindako azterlan batean.

Eta parlamentuetako baliabide teknologikoak, gure erakundeen eguneroko jardunean hain funtsezkoak direnak, Manuel Pereirak aztertzen duen gaia da hain zuzen.

Gainera, esan dezakegu LEGALaren laugarren zenbakia oso lotuta dagoela parlamentuaren errealitatearekin. Komentatzen diren Konstituzio Auzitegiaren epaietatik bi bete-betean sartzen dira ganbera legegileetan: bai boto parlamentarioaren balizko delegagarritasuna, bai ordezkarien zinaren edo promesaren figura Goi Auzitegiak aztertutako gaiak izan dira. Esther de Albak eta Alberto Anguitak haien erabakietan emandako argudioetan sakondu dute.

Legebiltzarreko gaiekin jarraituz, Ignacio Astarloak Gorteek legegintzaldi arteko aldietan izandako “bizitzaren” azterketa bikaina eskaintzen digu.

Eta azkenaldian argitaratutako Zuzenbide parlamentarioko eskulibururik onenetako bati buruzko iruzkina Marco Fernándezek egin digu.

Beti bezala, eskubideak ardatz dituen lan bat sartu dugu. Ignacio Subijanak lege penalen interpretazioan murgiltzen gaitu generoaren ikuspegitik.

Ezin zen falta txosten juridiko-parlamentario bat, oraingo honetan informazio dokumentatuaren eskaerei buruzkoa, eta ezin zen falta, halaber, gure ganberak dituen dokumentu garrantzitsuetatik bat: Ángel Cárcobaren agerraldia, amiantoari buruzkoa.

Espero dugu zenbaki hau zuen gustukoa eta erabilgarria izatea. Eskerrik asko irakurtzeagatik. Hainbeste ilusioz edo gehiagoz lan egiten jarraituko dugula agintzen dugu.