JOSÉ MANUEL CASTELLS ARTECHEREN AGERRALDIA EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNUARI BURUZKO BATZORDE BEREZIAN (2002.05.02)

HEARING OF JOSÉ MANUEL CASTELLS IN THE SPECIAL COMMITTEE ON SELF-GOVERNMENT OF THE BASQUE PARLIAMENT (2002.05.02)

COMPARECENCIA DE JOSÉ MANUEL CASTELLS ARTECHE ANTE LA COMISIÓN ESPECIAL SOBRE AUTOGOBIERNO DEL PARLAMENTO VASCO (02.05.2002)

José Manuel Castells Arteche

Euskal Herriko Unibertsitatea
Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua - EHU

Iñaki Agirreazkuenaga

Euskal Herriko Unibertsitatea
Administrazio Zuzenbideko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean - EHU

Jasotze data: 2025.03.17. Azken bertsioaren onarpena: 2025.04.02

Nola aipatu: Castells Arteche, José Manuel eta Agirreazkuenaga Iñaki (2025). Comparecencia de José Manuel Castells Arteche ante la Comisión Especial sobre Autogobierno del Parlamento Vasco (02.05.2002). Legebiltzarreko Aldizkaria - LEGAL - Revista del Parlamento Vasco, 6
https://doi.org/10.47984/legal.2025.001

SARRERAKO OHARRA:

Ondoko lerroetan jasotzen da José Manuel Castells Arteche Administrazio Zuzenbideko katedradunaren hitzaldi bat (Bilbo, 1943-Donostia, 2024 eta Busturia, izan ere, Castellsek bizitza osoan zehar bere amaren jaioterriarekiko, Busturiarekiko, maitasun lotura berezia izan zuen). Jarraian jasotzen den hitzaldia Eusko Legebiltzarrean 2002. urtean emandakoari dagokio, eta bertan euskal autogobernuaren erronkei buruzko bere ikuspegia azaldu zuen. Hau da, zehazki duela 23 urte, eta, aldi berean, 23 urte betetzen direnean 1979ko Euskal Autonomia Estatutuaren aplikazioa hasi zenetik.

1.Plazaratzen duen lehen ideia nagusia da “Estatutuari esker on handia” adieraztea. “Gure belaunaldiaren Estatutua da”. José Manuel beti izan zen errealista peto-petoa. Utopiak zituen, noski, baina argi zuen ez zituela gauzatuta ikusiko, eta une oro azpimarratzen zuen 1979ko Autonomia Estatutuak ekarri duen ongizatea, garapena eta autogobernua.

2.2025. urtetik begiratuta, 1970eko hamarkadaren amaierako Euskadi hura egungoarekin alderatzen duen edonork ez du zalantzan jarriko beren herriaren garapenerako estatutu-bidearen aldeko apustua egin zutenen argitasuna eta egokitasun politikoa. Gogoeta hori etengabekoa da José Manuelen azalpenetan, baita abisu modura ere balizko “bide errebisionista… edo bide erreformista” aipatzen duenean ere. Haren iritziz, “bide errebisionistak askoz oztopo gehiago izango ditu beti…”.

3.Bide erreformistaren ardatz nagusia autogobernua pixkanaka zabaltzea da, egunero, etengabeko garapen estatutarioaren bidez: lehenik eta behin, eskualdatu gabe dauden eskumen guztiak transferituz (“hor ditugu 1995ean… aho batez onartutako 53 eskumen eskualdatu gabeak”, dio Castellsek); gaur egun, oraindik ere horietako 25 falta dira, eta haien artean Gizarte Segurantzaren eskumen konplexua. 2025eko martxoaren 6ko prentsak honako berri hau argitaratu zuen: “Euskadik bi eskumen berri eskuratu ditu: atzerritarren lan-baimenen kudeaketa eta meteorologia. Akordioa Transferentzien Batzorde Mistoaren esparruan sinatu da”.

4.Horrez gain, transferitutako eskumenak hobetu edo osatu daitezke. Adibidez, 2025eko otsailaren 3an, Segurtasun Batzordean lortutako akordioaren berri eman zen: adostutakoaren arabera, Ertzaintzak segurtasun publikoaren eskumenak bere gain hartuko ditu portu eta aireportuetan, non gaur egun Estatuaren segurtasun indarrek muga-kontrolaren eta aduanaren funtzioak mantentzen dituzten.

5.Estatuaren eskumen esklusiboak ere Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu edo eskuordetu dakizkioke. Ildo horretan, bide erreformistaren bigarren zutabea Konstituzioaren 150.2 artikulua da, oraindik aztertu gabea gure Erkidegoan, 2002an Castellsek aipatzen zuen bezala. Xedapen horrek Estatuaren eskumen esklusiboak eskualdatu edo eskuordetzeko aukera ematen du, lege organiko baten bidez. 150.2 artikuluak honakoa dio hitzez hitz: “Estatuak, lege organiko baten bitartez, autonomia-erkidegoei eskualdatu edo eskuordetu ahal izango dizkie Estatuaren titulartasunpeko gaiei dagozkien zenbait ahalmen, beren izaeragatik eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak. Legeak aurreikusiko du, kasu bakoitzean, zer finantzabide diren eskualdatzekoak eta zer kontrol-forma gordeko dituen Estatuak beretzat”.

6.150.2 artikuluaren potentzialtasunaren adibide zehatz bat da Kataluniari immigrazio gaietan Estatuaren eskumenak eskuordetzeari buruzko Lege Organikoaren Proposamena. 2025eko martxoaren 4an aurkeztu zen Diputatuen Kongresuan, Sozialistak eta Junts per Catalunya talde parlamentarioek elkarrekin sinatuta. Proposamen horren edukian, adibidez, Estatuaren araudia betearaztea eskuordetzen da hainbat gaitan, besteak beste, Kataluniako lurraldean bizilekua izango duten edo han lan egingo duten atzerritarren aldi baterako bizileku-baimenen edo iraupen luzeko bizileku-baimenen eskaeren hasiera, instrukzioa, ebazpena eta jakinarazpenaren arloan. Halaber, atzerritarrak barneratzeko zentroen kudeaketa integrala eskuordetzea jasotzen da proposamen horretan, edo Mossoek portu eta aireportuetan herritarren segurtasuna bermatzeko polizia integral gisa jarduteko aukera ere. Azkenik, Kataluniari esleitzen zaio Estatuko araudia betearaztea autonomia-erkidego horretan bizilekua izateko, ikasteko edo lan egiteko baimendutako atzerritarren identifikazio-txartelak emateari dagokionez, ondoren Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari berri emanez.

7.150.2 artikuluak jasotako eskualdaketa edo eskuordetze bakoitza “legegile organikoak libreki konfiguratu dezake”. Printzipioz, Estatuaren eskumen esklusiboaren edozein alor izan daiteke autonomia erkidegoei eskualdatzeko edo eskuordetzeko modukoa. Edozein ‘ahalmen’ (legegile edo administratibo) autonomia-erkidegoei eskualdatzeko modukoa izan daiteke. Legegintza-ahalmenak ere eskuordetu daitezke (eta ez transferitu bakarrik)”. Gai honi buruz ikus daiteke: Rodríguez de Santiagok eta Velasco Caballerok argitaratutako lana: Límites a la transferencia o delegación del artículo 150.2 CE, (REDC 55 zenbakia).

8.Batzuetan, Autonomia Estatutuak esaten duena indar juridiko errealik gabe gelditzen da, hilik balego bezala, beharrezko akordio politikoa ez delako lortzen edo Estatuko legeriak ez duelako berdina adierazten. Adibidez, 1979ko EAEko Autonomia Estatutuaren 18.2 b) artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola “Gizarte-segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa”, baina gaur arte ez da eskualdaketa gauzatu. Kataluniako 2006ko Estatutuak, halaber, Justizia Kontseilua sortu zuen, hainbat eskumenekin (98. artikulua), eta 102.1 artikuluak honako hauek xedatzen ditu: “Katalunian magistratu-, epaile- edo fiskal-lanpostu bat betetzen dutenek katalanez behar bezain ondo eta behar beste dakitela egiaztatu behar dute, herritarrek beren hizkuntza-eskubideak baliatzeko modua izan dezaten, legean zehazturiko modua eta irispidea aintzat hartuta”. Horrez gain, logika osoz, aurreikusten du: “Postua Katalunian betetzen duten magistratuek, epaileek eta fiskalek Kataluniako berezko zuzenbidea behar bezain ondo ezagutzen dutela egiaztatu behar dute, legean zehazturiko modua eta irispidea oinarri hartuta” (102.2 artikulua).

9.Bada, jakina denez, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziaren aplikazioan, Kataluniako Estatutuaren aurreikuspenak arlo judizialean Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenaren menpe gelditzen dira (31/2010 KAE, onarri juridikoak 43-55). Honen arabera, euskal edo kataluniar autogobernuaren aldeko indar juridikoa, eta beraien eraginkortasuna, Estatutuaren beraren letran edo edukian jarri behar da, ala Espainiako oinarrizko lege edo lege organikoen erreforman? Are gehiago kontuan izanik gaur egungo testuinguru politikoan Estatuko legedi osoa, Kongresuan onartzen dena, lege organikoak onartzeko behar den gehiengo absolutuarekin onartzen dela, eta Junts, ERC, BNG, EAJ, EH Bildu, Podemos, Sumar eta PSOE taldeen botoak ezinbestekoak direla horretan.

10.Eskumen konkretu batzuetatik harago, Castells irakasleak federalismoaren inguruan hausnartzen du, eta fede osoz goraipatzen ditu Suitza eta Kanada bezalako ereduek eskaintzen dituzten aukerak. Hala ere, onartzen du “Espainian oraindik ez dela barneratu federalismorantz aurrerapausorik ematea… izan ere, Espainiako erakunde konstituzional gehienetan ez dago inolako lurralde-ordezkaritzarik”.

11.Hala ere, gogoan du beti “irudimenaren, eskuzabaltasunaren, transakzioaren eta adostasunaren espiritu konstituziogilea” etengabe “berpizteko” beharra. Haren ustez, ezaugarri horiek “galdu egin dira denborarekin”, eta beharrezkoa da “itzultzeko eskatzea”.

12.Azkenik, Miguel Herrero eta Ernest Lluchekin batera, José Manuel Castellsek Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren balioa aldarrikatzen du, ulertuz ezin dela Konstituzioaren atal xedatzailea serio hartu haren beste atal garrantzitsu bat alde batera utzita. Hori dela eta, eskubide historikoek Konstituzioaren interpretazio malguari eutsi behar diote, etorkizunean lehen Errepublikako presidente izan zen Pi i Margallek aldarrikatzen zuen idealari heltzeko bidean, eta Espainian, etorkizun batean, atxikipen libreko federalismoa gauzatu ahal izateko.

Iñaki Agirreazkuenaga

Administrazio Zuzenbideko katedraduna