Zelai Nikolas Ezkurdia
Erredakzio zuzendaria
Garai zailak bizi ditugu, giza eskubideek eta demokraziak berak aurrean dituzten erronkek eta zalantzek gora egin duten sasoiak baitira. Testuinguru horretan, LEGAL - Legebiltzarreko Aldizkariak berritu egiten du bere konpromisoa: demokrazia sakontzen laguntzea eta gure erakundeei gaurko erronkei erantzuteko begirada akademikoa eskaintzea, ikuspegi parlamentariotik eta zientzia juridikoarekin, zientzia politikoarekin eta teoria demokratikoarekin elkarrizketan. Eusko Legebiltzarraren aldizkari akademiko gisa, gure egitekoa da kultura instituzionala indartzea, ezagutza juridikoa gizarteratzea eta eztabaida demokratikoa elikatzea, betiere ikuspegi akademiko eta interpretatibo askotarikoen ekarpenei irekita.
LEGALek gogoeta sakonerako eta eztabaida akademikorako plaza izan nahi du, euskal kultura deliberatiboa sustatzeko eta autogobernu bizi, ireki eta etengabe eraldatzen den bati laguntzeko. Ildo horretan kokatzen da euskararekiko gure konpromisoa ere: euskarazko ikerketek beren tokia izatea bermatu eta euskara juridikoaren presentzia sendotu nahi dugu unibertsitatean eta komunitate akademikoan. Era berean, genero-ikuspegia gure lan-ildoaren ardatz iraunkorra da, bai metodologietan ekar ditzakeen berrikuntzei erreparatuz, bai lantzen ditugun edukietan ikuspegi hori txertatuz.
Aipamen berezia merezi du Montserrat Auzmendik. Hark hartu zuen bere gain aldizkariaren sorrerako une erabakigarriak gidatzeko ardura, eta haren lanari esker dugu gaur egun oinarri sendoak dituen proiektu editorial hau. Haren ekarpena funtsezkoa izan da, eta eskertzekoa da, halaber, bere jakintza eta ikuspegia eskaintzeko erredakzio-kontseiluan jarraitzeko erakutsitako prestasuna. Eskerrik beroenak Txaro Valverderi ere, hasierako urteetan erakutsitako dedikazio eta konpromisoagatik. Eta, noski, gure esker ona erredakzio-kontseiluko kide guztiei, zenbaki hau osatzeko bidean emandako lankidetzagatik.
Zenbaki honek gaur egungo zuzenbide parlamentarioaren erdigunean dauden gaiak jorratzen ditu. Lehenik eta behin, bost azterlan aurkezten dira: Legebiltzarraren eta legebiltzarkideen bortxaezintasunari buruzko bi ikuspegi osagarri –batetik, erakundearen babes instituzionala aztertzen duena, eta, bestetik, legebiltzarkidearen jokabide etiko-normatiboari heltzen diona–; ekimen legegileen kalitatea nola hobetu aztertzen duen lana; eztabaida parlamentarioan adierazpen-askatasunaren mugak nola zaindu eztabaidatzen duen artikulua; eta, azkenik, genero-berdintasunak eta ordezkaritza parlamentarioak gaur egungo parlamentuen funtzionamenduan duten eragina aztertzen duen azterlana.
Eztabaidagaien atalean, Konstituzio Auzitegiaren 137/2025 Epaia hartu dugu abiapuntu, deliberazio-ariketa akademiko bati ekiteko. Epai horretan, 1/2024 Lege Organikoaren –Kataluniako normalizazio instituzional, politiko eta sozialerako amnistiaren legea– atal nagusien konstituzionaltasuna berretsi baitu, Joaquín Urías eta Javier Tajadura irakasleek epaiaren lehen irakurketa eskaintzen dute, bakoitzak bere ikuspegitik. Bi egileei eskertu nahi diegu eztabaida publikoan hain polarizatuta agertzen den gai bati ikuspegi eraikitzaile eta pluraletik heltzeko erakutsi duten prestasuna. Ildo horri jarraituz, hurrengo zenbakian, ikuspegi konparatua eta justizia trantsizionalaren ikuspegia uztartzen dituen hirugarren ekarpena argitaratuko dugu, auzi honek duen eragin instituzional handiak eskatzen duen azterketa sakon, orekatu, lasai eta deliberatiboarekin jarraitzeko.
Jurisprudentziari buruzko iruzkinen atalean, Eneko Lizarazu eta Jone Vadillo ikerlariek 143/2024, 154/2024 eta 156/2024 epaiak aztertzen dituzte. Epai horien bidez, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak independentziaren aldeko herri-ekimen legegilea izapidetzeko hartutako erabakiaren konstituzionaltasuna ebatzi zen. Analisiak autonomia parlamentarioaren mugak eta horiek eztabaida demokratikoaren dinamikan izan ditzaketen ondorioak jorratzen ditu, ikuspegi zorrotz eta orekatutik betiere.
Dokumentuen atalak aldizkariaren izaera instituzionala eta memoria juridikoa indartzen ditu. Batetik, José Manuel Castells katedradunaren 2002ko agerraldi historikoa berrargitaratzen dugu, Iñaki Agirreazkuenagak aurkeztua. Testu horren bidez, Castells irakasleari gorazarre egin nahi diogu, haren ekarpenak hurrengo belaunaldietan utzitako arrastoagatik eta, gaur egun ere, haren gogoetek duten gaurkotasunagatik. Bestetik, Fabián Salvioliren hitzaldia dakargu, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak antolatutako jardunaldian egina, eta Jon-Mirena Landak aurkeztua, tentsio-garaietan giza eskubideen kulturak eta berme-sistemak sendotzearen garrantzia gogorarazten duena, lortutakoa ez galtzeko eta are sendoago birsortzeko gaitasuna erakusteko.
Amaitzeko, atal Bibliografikoan bi lan garrantzitsu aztertzen dira: III. Jardunaldi Parlamentarioen aktak, eta Joan Ridaoren Dret Parlamentari de Catalunya, gaur egungo parlamentarismoaren erronka nagusiei heltzen dieten liburuak.
Zenbaki honekin, LEGAL aldizkariak berresten du zerbitzu publikoaren aldeko bere konpromisoa: trantsizio-garaiak diren honetan, pluraltasuna, giza eskubideak, deliberazio publikoaren kalitatea, genero-berdintasuna eta, bereziki, euskararen presentzia akademiko eta instituzionala sustatzea du helburu. Zuzenbide parlamentarioa, ikuspegi akademiko eta instituzional zabal eta inklusibotik lantzen denean, tresna sendoa da demokrazia irekiago, justuago eta pluralagoak eraikitzen jarraitzeko.
Ongi etorri LEGALen 6. zenbakira. ✦