Genero-berdintasunaren arloko jardunbide egokiak
LEGAL Aldizkaria genero-berdintasunaren aldeko politikekin konprometituta dago, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra sustatzeko helburuarekin. Konpromiso hori honako praktika hauetan islatzen da:
Parte-hartze parekidea lantaldeetan
Talde editorialen osaeran (Zuzendaritza, lantalde editoriala, Erredakzio Kontseilua eta Aholkularitza Kontseilua), oro har, emakumeen gutxieneko presentzia %40koa izango da.
Era berean, aldizkarira bidalitako lanen berrikuspenean parte hartzen duten emakumeen ehunekoa gutxienez %40koa izatea bermatuko da.
Hizkera inklusiboaren erabilera
Politika editorialak hizkera inklusiboa erabiltzea gomendatzen du proposatutako artikulu zientifiko guztietan. Horretarako, Eusko Legebiltzarraren Hizkera Inklusiboaren Gida kontsultatzea aholkatzen da.
Genero-berdintasuna ikerketan
LEGAL Aldizkariak bereziki baloratuko ditu sexuaren aldagaia kontuan hartzen duten lanak, generoaren araberako desberdintasun posibleak identifikatzeko aukera ematen baitute; halaber, genero-harremanak ikuspegi kritiko batetik aztertzen dituzten edukiak, helburuak eta metodologiak dituzten lanak ere aintzat hartuko dira.
Aldizkariak argitaratzen dituen lanetan egileen izen-deiturak osorik jasoko dira.
Ikerketan oinarritutako datuak erabiltzen dituzten artikuluei dagokienez, egileei gomendatzen zaie datu horiek generoaren arabera sailkatu eta aztertzea.
Kode Etikoa eta Jardunbide Egokiak
LEGAL Aldizkariaren konpromisoak
Eusko Legebiltzarrak bermatzen du LEGAL Aldizkarian argitaratutako artikuluen etikarekiko eta kalitatearekiko konpromisoa, Argitalpenen Etika Batzordearen (COPE) Oinarrizko Jardunbideen (Core Practices) arabera. Kode etiko hori aplikagarria da edizio-prozesuan inplikatutako alde guztientzat: egileak, erredakzio-kontseilua, aholku batzordea, ebaluatzaileak eta Eusko Legebiltzarra bera, argitaratzaile gisa.
Kode honek jasotzen ez dituen egoerak COPEren jarraibideen arabera ebatziko dira, kode osagarri gisa erabilita.
Erredakzio Kontseiluaren eta Aholku Batzordearen konpromisoak
LEGAL Aldizkariaren jarduna honako printzipio hauek gidatzen dute:
a) Inpartzialtasuna.
b) Argitaratzeko erabakia.
c) Zintzotasuna.
d) Konfidentzialtasuna.
e) Interes-gatazka.
f) Argitalpen-maiztasuna.
g) Sarbide irekia eta doakotasuna.
h) Egile-eskubideak.
i) Kontserbazio digitala.
j) Plagioaren eta irregulartasunen aurkako mekanismoak.
k) Euskarazko ikerketa sustatzeko konpromisoa.
Arau zehatzak
a) Inpartzialtasuna: Erredakzio Kontseiluak kanpoko berrikusle kualifikatuak hautatuko ditu, eta Kontseiluko kideek ez dute ebaluatze-lanik egingo. Berrikuspen-prozesua zorrotz eta gardentasunez dokumentatuko da.
b) Argitaratzeko erabakia: Ebaluazioaren ostean, Aldizkariak egileei argitaratzeari buruzko erabakia jakinaraziko die, eta, hala badagokio, egin beharreko aldaketak adieraziko.
c) Zintzotasuna: Artikuluen ebaluazioa edukiaren merezimendu zientifikoaren arabera egingo da, inolako diskriminaziorik gabe, dela arraza, genero, hizkuntza, sexu-orientazio, erlijio, jatorri etniko edo nazional edo iritzi ideologikoagatik.
d) Konfidentzialtasuna: Zuzendaritzak eta Erredakzio Kontseiluak ebaluatzen ari diren artikuluen konfidentzialtasuna gordetzeko konpromisoa hartzen dute, prozesuaren osotasuna bermatuz.
e) Interes-gatazka: Erredakzio Kontseiluko kideek ezingo dute ebaluatutako artikuluetatik lortutako informazioa erabili egilearen baimenik gabe.
f) Argitalpen-maiztasuna: LEGAL Aldizkaria urtean behin argitaratzen da, jarraikako argitalpen moduan. Testuak etengabe jasotzen dira, eta artikuluak euren ebaluazio- eta onarpen-prozesua amaitzen den heinean argitaratzen dira. Artikulu horiek guztiak urtean behin argitaratzen den zenbaki osora gehituko dira gero.
g) Sarbide irekia eta doakotasuna: Aldizkaria sarbide irekikoa da (Open Access) eta doakoa egile, berrikusle eta irakurleentzat.
h) Egile-eskubideak: Artikuluak Creative Commons BY-NC-ND 4.0 lizentziarekin argitaratzen dira, egilea eta jatorrizko argitalpena aitortuta eta lanaren aldaketarik egin gabe. Erabiltzaileek edukia berrerabili ahal izango dute, betiere: 1) egilea eta iturria aipatzen badira, 2) helburu komertzialetarako erabiltzen ez bada, 3) ez bada lan eratorririk egiten, eta 4) erabilera-lizentzia honen baldintzak adierazten badira.
i) Kontserbazio digitala: LEGAL Aldizkariak OAI-PMH gidalerroei jarraitzen die hainbat direktoriotatik eta beste informazio-iturri batzuetatik artikulu gutziak eskuragarri egoteko eta indexatu ahal izateko.
PKPren kontserbazio-sareak doako zerbitzuak eskaintzen ditu OJS sisteman dauden eta oinarrizko baldintzak betetzen dituzten aldizkarientzat. Hortaz, kontserbazio digitala bermatze aldera, LEGAL aldizkariko artikuluak LOCKSS (Lots of Copies Keep Stuff Safe) eta CLOCKSS (Controlled Lots of Copies Keep Stuff Safe) sistemetan artxibatzen dira, era horretan kontserbazio digital iraunkor eta segurua bermatuz.
j) Plagioaren eta irregulartasunen aurkako mekanismoak: LEGAL Aldizkariak argitaratutako lanen osotasun eta errespetuarekiko konpromisoa adierazten du. Horregatik, plagioa debekatuta dago eta plagiotzat jotzen diren testuak edo iruzurrezko edukia dutenak ebaluazio-prozesutik kanporatuko dira, aurretik kontraesaneko prozedura bat jarraituta.
Plagio edo balizko beste irregulartasun baten susmoa dagoenean, Erredakzio Kontseiluak arduraz jardungo du. Balizko irregulartasunei aurre egiteko edozein neurri hartu aurretik, artikulua erretiratzea edo ezabatzea barne, interesdunei entzunaldia emango zaie. Plagio gisa identifikatutako edukia duten lanak ez dira Aldizkarian argitaratuko eta, jadanik argitaratuak izan badira, ezabatu egingo dira. Zuzendaritzari eta Erredakzio Kontseiluari dagokie plagioak edo iruzurrezko edukiak dituzten lanak ezabatzeko erabakia.
Originaltasun-estandarran bermatze aldera, LEGAL Aldizkarira bidalitako artikulu guztiek Crossref-en Similarity Check plagioaren kontrako sistemarekin ebaluatuko dira, zeinak ebaluatzen diren testuen arteko antzekotasun eta kointzidentziak antzemateko aukera eskaintzen baitu.
k) Euskarazko ikerketa sustatzeko konpromisoa
LEGAL Aldizkariak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko hartutako konpromiso aktiboa adierazten du, bereziki arlo akademiko eta juridikoan. Horrela, bada, euskaraz idatzitako jatorrizko lanen aurkezpena sustatuko da, eta ebaluazio- eta argitalpen-prozesuetan lan horiekin berdintasunez jokatuko dela bermatuko da. Halaber, euskarazko gaitasun egiaztatua duten berrikusleen parte-hartzea sustatuko da, bereziki euskaraz aurkeztutako lanak ebaluatzeko.
Konpromiso hau Eusko Legebiltzarraren bokazio instituzionalaren parte da, arlo juridiko eta politikoan jarduera akademikoaren euskalduntzearen alde eta ikertzaile-komunitate euskaldun baten garapenaren alde egiten den aldetik.
Egileen konpromisoak
Egileek ondorengoak bermatuko dituzte:
• Aurkeztutako lanak originalak direla eta ez direla aurretik argitaratu, ezta beste aldizkari batzuetara aldi berean bidali ere.
• Erabilitako iturri guztiak behar bezala aipatu direla.
• Artikuluaren edukian eragina izan dezakeen interes-gatazkarik ez dagoela.
• Testua idatzi, itzuli edo datuak aztertzeko adimen artifiziala (AA) erabili bada, hala zehaztuko dela metodologian.
Jardunbide desegokiak:
• Plagioa: Plagiotzat joko da testuak erreproduzitzea jatorrizko iturririk aipatu gabe.
• Identitate-plagioa: Beste lan baten egitura kopiatzea, lana hitzez hitz kopiatu gabe.
• Aipamen literalen gehiegizko erabilera: Gomendagarria da edukia laburtu eta parafraseatzea, pasarte luzeak transkribatzea saihestuz.
Ebaluatzaileen konpromisoak
Parekoen arteko (inter pares) berrikuspena
• Artikuluen ebaluazioa itsu bikoitzeko sistemaren bidez egingo da, egileen eta ebaluatzaileen anonimotasuna bermatuz.
• Bermatu egiten da ebaluatzaileak ez direla egileen erakunde berekoak eta artikuluaren gaian adituak direla.
Ebaluatzaileek ondorengoak bermatuko dituzte:
• Txosten objektibo eta arrazoituak idatziko dituztela.
• Berrikuspen-prozesuaren konfidentzialtasuna gordeko dutela.
• Berrikuspen-epeak errespetatuko dituztela.
• Artikuluak ebaluatuko dituztela aztergaiaren garrantzia, egitura, metodologiaren kalitatea eta erabilitako erreferentzien egokitasuna oinarri hartuta.
• Beste lan batzuekin duten antzekotasunaren berri emango dutela eta prozesuaren osotasuna zainduko.
• Plagioaren edo antzekotasunen susmoak ohartaraziko dituztela.
• Egilearekiko interes-gatazkarik badago, ebaluatzeari uko egingo diotela.
Ebaluazio-prozedura:
a. Lanak hartu izanaren agiria emango da.
b. Zuzendaritzak eta Erredakzio Kontseiluak kanpoko berrikusle anonimoak esleituko dituzte.
c. Artikuluak ebaluatu aztergaiaren garrantzia, egitura, metodologiaren kalitatea eta erabilitako erreferentzien egokitasuna oinarri hartuta.
d. Beste lan batzuekin duten antzekotasunaren berri eman eta prozesuaren osotasuna zaindu.
e. Egileei jakinarazten zaie argitaratze-erabakia eta, hala badagokio, egin behar diren aldaketak.
f. Berrikusleen artean desadostasun nabarmena badago, hirugarren txosten ebaluatzaile bat eskatuko da.
g. Ebaluatzaileek, halaber, berrikuspen-epeak errespetatzeko, alde batera utzi ahal izan diren erreferentzia bibliografiko aipagarriak adierazteko eta interes-gatazkak saihesteko konpromisoa hartuko dute.
Kontserbazio digitala eta plagioaren aurkako neurriak
LEGAL Aldizkariak honako estrategiak erabiltzen ditu edukiaren osotasuna eta iraupena bermatzeko:
• Kontserbazio digitala: LOCKSS eta CLOCKSS sistemak erabiltzen dira artikuluak artxibatu eta babesteko.
• Plagioaren detekzioa: Artikulu guztiak Crossref-en Similarity Check sistemaren bidez ebaluatzen dira.
Plagioa edo beste jardunbide desegokiren bat antzemanez gero, Erredakzio Kontseiluak erabaki dezake artikulua erretiratzea eta egileari etorkizunean parte hartzea ukatzea.
Gatazkak ebaztea
Kode honetan aurreikusi gabeko edozein gatazka edo auzi etiko COPEren jarraibideen arabera ebatziko da.